domingo, febrero 12, 2012

GERNIKA ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN HIRIBURU BIHURTU NAHI DUTE

Kondor Legioko hegazkinek Gernika bonbardatu zutenetik 75 urte pasatu dira, eta, Gernikako Batzordearen iritzian, «Euskal Herriko erabakitze eskubidearen aldeko hiriburu eta bozgorailu bilakatu behar da Gernika-Lumo». Urteurrena «egoera berezi batean» datorrela uste dute, eta, horregatik, «modu positiboan» ekarri nahi dute gogora; «modu positibo batean txertatu nahi dugu aurrera begira sekulako potentzialitateak eskatzen dituen une historiko honetan, gatazka politiko honen behin betiko konponbidean bere ekarpena eginez». Hala azaldu zuten atzo, Gernikan, Gernika Batzordeak, PEN klubak eta hainbat gizarte eragilek emandako prentsaurrekoan.

«Une historiko honi» bultzada bat emateko baliatu nahi dute Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena: «Gernikako zerua zeharkatu eta herria suntsitu zuten abioien ordez, Euskal Herriari eta euskal herritarroi dagozkigun eskubide indibidual eta kolektiboak aldarrikatzen dituen txori koloretsuaren aldeko apustua egin dugu». Hala, abioi eta lehergailu haiek «Euskal Herriaren ukazioa bermatzea» helburu zutela ahaztu gabe, esan dute koloretako txori horrekin «Euskal Herriaren aitortzaren, existentziaren eta etorkizunaren aldeko mezua» zabaltzeko lan egingo dutela. Hargatik, Askatasuna, bakea... autodeterminazioa leloa jarri diete urteurrenaren karietara egingo dituzten ekitaldiei. Esan dute eskubideak errespetatuko diren egoera bat behar dela Gernikan gertatua «ez gure herrian ezta munduko beste inongo txokotan» berriz ez gertatzeko, eta herritarrek erabaki behar dutela zer eta nolakoa nahi duten izatea beren herria.

Argi daukate horixe dela gatazkaren muina: «Euskal Herritarrei dagokie libre eta demokratikoki, inongo inferentziarik gabe, bere etorkizunaz erabakitzea». Haien ustez, hor dago «gatazkaren bataila politiko nagusia», eta hori indar metaketa eta indar politikoen korrelazio berri baten bidez egin beharko da.

Nazioartean eta bertan

Prentsaurrekoan agertu zirenen arabera, nazioartera eta Euskal Herrira bertara begiratu behar da egungoa «une historikoa» izan dadin. Nazioartera begiratuta, erabakitzeko eskubidearen bidean, gogorarazi dute estaturik gabeko «hainbat naziok» urrats erabakigarri ugari egin dituztela, eta azpimarratu dute baldintzak indartu, egonkortu eta optimizatu egin behar direla erabakitzeko eskubideak «zentralidadea har dezan nazioarteko agenda politikoan»; uste dute «antolaketa eraginkor bat» behar-beharrezkoa dela horretarako.

Euskal Herrira begiratuta, berriz, azken bi urteetan «ziklo berri bat» zabaltzen ari dela diote. Besteak beste, honako hauek jarri dituzte egoeraren garrantziaren adierazgarri: «konponbide oso baterako» bide orritzat jo duten Gernikako Akordioa; nazioarteko eragileen babesa ekarri zuen Aieteko Adierazpena; eta ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman izana. «Mugarri guzti horiek aukera historiko bat sorrarazi dute Euskal Herriak Espainiako Estatuarekin eta Frantziakoarekin duen gatazka politikoari konponbide oso bat emateko bidea ireki, garatu eta azken bururaino eramateko ».


Nazioartera, 'Gernikatu' gehiago egon ez dadin

Gotzon Barandiaranek eta Edorta Jimenezek idatzitako manifestua

Duela 75 urte Gernika bonbardatu zutela eta, manifestu bat idatzi dute Gotzon Barandiaran eta Edorta Jimenez idazleek, munduan Gernikatutako herri gehiago ere izan direla salatu eta halako gehiago gerta ez dadila eskatzeko; testu hori hainbat hizkuntzatara itzuli ostean, nazioartean zabaltzen saiatuko da PEN kluba. Hala azaldu zuen atzo Laura Mintegi lehendakariak, Gernikako ekitaldian. «Gernika izanak ziren, Gernika baino lehenago, beste hamaika», dio manifestuak. Aurrerago, hala gaineratzen du: «Geroago ere beste hamaika Gernika izanen ziren». Gernikatua terminoa darabilte manifestu horretan, eta zer esan nahi duen ere azaldu dute: «Zer da Gernikatua ez bada erraustua, sarraskitua, ukatua, isilarazia, gutxiagotua, zapaldua». Halako gehiago gertatzerik ez dute nahi, manifestuan jasotzen denez, eta ekimena hartzera deitu dute: «Erauz ditzagun gerraren legeak eta bideak, errotik, ez dugu-eta beste Gernikarik nahi! Ez gurean ez beste inon». Horretarako, baina, ezinbestekotzat jotzen dute «historia osoa eta osorik jakitea». Orain, ordukoen omenez, bonbardatutakoek zituzten ideien zilegitasuna aldarrikatu dute — «euskaldun nahiz erdaldun errepublikanoak, sozialistak, komunistak, kristauak, anarkistak eta beste—. «Izateko eskubidea ukaezina da. Gu euskaldunak gara». Argi daukate: «Euskal Herrian euskaldunak garela aldarrikatu behar izatea da askatasunaren eta begirune ezaren froga ukaezin». Bakea konpromisotzat hartuta, autodeterminazioa proposatzen du manifestuak: «Begirada atzera bihurtu eta bidean aurrera eginez».

(Berria. 2012 / 02 / 12)