lunes, febrero 13, 2012

ASKATASUNAREN, BAKEAREN ETA AUTODETERMINAZIOAREN BEHARRA ALDARRIKATUKO DU "GERNIKA BATZORDEA"K

Gernika-Lumo bonbardatu zutenetik 75 urte beteko dira apirilean; eta urteurren hori, bai nazioartean eta baita Euskal Herrian be, testuinguru berezi batean kokatzen dela esan zuen zapatuan Gernika Batzordeak, prentsaurrekoan. Askatasuna, bakea… AUTODETERMINAZIOA lelopean, bonbardaketaren 75. urteurrena “modu positibo batean txertatu” behar dela esan zuen Sabin Ibazetak, Gernika Batzordearen izenean. “Aurrera begira sekulako potentzialitatea eskaintzen duen une historiko honetan ezinbestekoa ikusi dugu 75. urteurrena modu positiboan txertatzea, gatazka politiko honen behin betiko konponbideari bere ekarpena eginez”. Horretarako, apirilaren 19tik 26ra bitartean, Gernika-Lumo Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko hiriburua eta bozgorailua bihurtu behar dela aipatu zuen Gernika Batzordeak.

Ibazetak azaldu zuenez, Euskal Herriari eta euskal herritarrei dagozkien eskubide indibidual eta kolektiboak aldarrikatuko dituen txori koloretsuaren aldeko apustua egingo du Gernika Batzordeak. “Abioi eta lehergailu hiltzaile horien xedea Euskal Herriaren ukazioa bermatzea izan zen. Koloretako txori horrek, barriz, Euskal Herriaren aitortza, bere existentzia eta etorkizunaren aldeko mezua aldarrikatzen du”.

Etorkizuna libre erabaki

Gatazka politikoaren muina euskal herritarrei dagokien hitza eta erabakitzeko ahalmena aitortzean datzala esan zuen Ibazetak. “Euskal herritarrei dagokie libre eta demokratikoki, inongo injerentziarik barik, euren etorkizunaz erabakitzea”. Hortan datza, Gernika Batzordearen iritziz, gatazkaren bataila politikorik nagusiena: “orain arteko ukazio historikoa eta demokratikoa konfrontatzean, indar metaketan”. Haren esanetan, Espainiak eta Frantziak duten arazoa ez da euskal gizartearen sektore batekin, “baizik eta libre eta demokratikoki bere etorkizuna erabaki gura duen herri oso batekin”.

‘Gernikatutako’ herri gehiagorik ez

Euskal PEN klubaren izenean be manifestua irakurri zuen Laura Mintegik zapatuan, Gernika-Lumon. Testu horretan, Gernika-Lumoz gain, historian zehar Gernika gehiago be izan direla gogorarazi zuten, eta Gernikatutako herri gehiago egon ez daitezela aldarrikatuko dute, nazioartean. “Gernika izanak ziren, Gernika baino lehenago, beste hamaika”. Gerora be, beste hamaika Gernika izan zirela gaineratu zuen Mintegik, eta halako gehiagorik jasotzea ez dutela gura esan zuen Mintegik.

Gernikatu terminoa erabili zuen Euskal PEN klubak, “erraustua, zaharkitua, ukatua, isilarazia, gitxiagotua eta zapaldua” adierazteko. Eta Gernika-Lumon ezezik, beste hainbat tokitan gertatutakoa barriro gerta ez dadin, “historia osoa eta osorik jakitea” ezinbestekoa dela deritzote. Hala, ordukoen omenez, bonbardatutakoek zituzten ideien zilegitasuna aldarrikatu dute orain. “Izateko eskubidea ukaezina da. gu euskaldunak gara”, eta hori aldarrikatu behar izatea askatasunaren eta begirune ezaren froga ukaezina dela esan zuten.

Beraz, bakea konpromisotzat hartuta, autodeterminazioa proposatzen du Euskal PEN klubak nazioartean zabalduko duen manifestuak.

(Hitza. 2012 / 02 / 13)