miércoles, septiembre 21, 2011

JUSTIZIAREKIN HISTORIA OSATUZ

Gaur 75 urte betetzen dira Oñati matxino faxisten esku erori zenetik. Denbora asko pasatu da eta "bada garaia orduko gertaerak eta arrenkurak berreskura-tzeko, herritar denek jakin dezaten. Horrela bakarrik egingo baitugu justizia biktima izan zirenekin, armen bidez isilik egotera behartu zituzten haiekin. Izan ere, memoria ezin da armekin hil", azpimarratu zuen atzo Oñatiko alkate den Mikel Biainek.

Helburu horiekin igandean faxisten errepresioa jasan zuten oñatiar guztiei omenaldia egingo zaie. "Ekitaldi xumea izango da, nahiko pertsonala, musikak eta dantzariek alaituta. Biktimen senitartekoei gonbidapena luzatu diegu gertura-tzeko", zehaztu zuen Bianek atzoko agerraldian. Hitzordua 19.00etan izango da Santa Ana antzokian eta ordu erdi beranduago, Gerrako Garrak Oñatin delako ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute. Ekimena Gogoratu Guran taldeak jarri du abian, Udalaren laguntzarekin.

Oñatik 6.700 biztanle zituen Gerra Zibila lehertu zenean, eta ia 450 lagunek jardun zuten borrokan. Horietatik 114 hil ziren, 57 Errepublikaren aldekoak: 32 frontean, 21 fusilatuta eta lau kartzelan. Hori gutxi balitz, Gipuzkoan errepresio handiena jasan zuen herrietako bat Oñati izan zen: denera 737 biztanlek, horien artean 118 emakumek, era bateko edo besteko zigorra pairatu zuten. "Abertzaleak, ezkertiarrak, errepublikarra izateagatik edo haien senideak izatearren, ehunka herritar kartzeletan, kontzentrazio eremuetan eta langile batailoietan sartu zituzten", gogoratu zuen Biainek. "Memoria historikoa errespetatzea ezinbestekoa da askatasunez bizi-tzeko, zauriak ixteko eta, horrela, aurrera egin eta etorkizuna sendo-tzeko", gaineratu zuen alkateak.

75 urte isilean gordetako historia

Liburua ere argitaratuko dute

Orain bi urte eta erdi pasatxo Gogoratu Guran taldea sortu zen Oñatin, Intxorta 1937 kultur elkarteak bultzatuta. Nekane Arrazola, Beatriz Gomendio, Idoia Etxeberria, Jerardo Elortza eta Juan Ramon Garai daude proiektu horren atzean. "40 herritar elkarrizketatu eta artxibo mordo bat aztertu ditugu, zati handi batean 75 urte isilean gordetako oñatiarren historia osatuz", azaldu zuen Nekane Arrazolak.

"Egia" eta "justizia" bilatu nahian, faxismoaren biktimei hitza eman diete, eta horren adierazle dira igandean eta azaroaren amaieran aurkeztuko dituzten dokumentala eta liburua, hurrenez hurren. Jende askoren laguntza izan dute.

Testigantzek, argazki historikoek eta dokumentu grafikoek osatzen dute zazpi kapituloetan banatuta dagoen Gerrako Garrak Oñatin ikus-entzunezkoa. Horiekin batera errepresioaren hiru birsorkuntza ere egin dituzte: Balentin Arkauzen erahilketa; Ormaiztegiko zubipean Antonio Galdos, Guillermo Martinez eta beste gazte baten fusilamendua, eta hamar emakumeei ilea zerora moztu eta manifestazioetara joatera behartu zituzten eszenak.

Lanaren grabaketa eta muntaiaz Irudiz enpresako Kepa Aranburu zuzendaria eta bere taldea arduratu dira. Soinua 1938ean langile batailoietan preso zeuden Demetrio Iriarte oñatiarraren musika eta Evaristo Urtasun pasaitarraren hitzekin egin dute. Doinu eta hitz horiei Ganbara abesbatzak eta Egoitz Aizpuru, Lander Diaz de Gereñu eta Iñigo Ugarte txistulariek eman diete bizitza.

(Noticias de Gipuzkoa. 2011 / 09 / 21)