martes, agosto 02, 2011

FELIX ARNAIZ FRANKISMOAREN BIKTIMARI OMENALDI BEROA EGIN DIOTE ITZUBALTZETAKO JAIETAN

Felix Arnaiz Maeso 20 urteko gazte leioaztarra zena omendu dute gaur goizean Itzubaltzeta / Romoko 300 bat auzokidek, bertako jaiak martxan jarri eta ordu gutxitara. Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordeak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatutako ekitaldia Arnaiz hil zuteneko 42. urteurrenean burutu da. Francoren garaiko Getxoko udaltzain batek erail zuen tiro batez antzinako trenbidearen barreren inguruan, gaur ekitaldia egin duten lekua. Errekagane eta Ibaiondoko kale-kantoian, Felixen memoria gorde eta omentzeko errotulua jarri dute, auzokideen txaloen artean. Lore eskaintza ere egin diote herriko gazte, heldu zein edadetu koadrilek eta senideei ere maitasuna eta elkartasuna adierazi diete herriko dantzariek. Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko kideak tragedia ikusi zuten edo horren lekukotasunik izan duten auzokideei deitu die “zigorgabetasuna eta isiltasuna apurtzera” eta egun horretan gertatu zena guztiz argitzeko. Jai batzordeak Felix Arnaiz gogoratuko du urtero.