miércoles, noviembre 10, 2010

MEMORIAREN EGUNAREN HARIRA, ADOSTASUNIK EZ

Alderdien arteko adostasunik gabe egingo dute gaur erakundeek Memoriaren Eguna. Eusko Jaurlaritzako eledun Idoia Mendiak «atsekabea» agertu du, Eusko Legebiltzarreko talde guztien babesa ez duelako jaso gaurko egunaren harira irakurriko den adierazpen instituzionalak. Izan ere, EAk eta Aralarrek ez dute ekitaldietan parte hartuko, biktima guztiak ez direla kontuan hartuko iritzita.
Gainerako alderdiak, ordea, «alderdikeriak» albo batera utzi eta ados jarri direla nabarmendu du Mendiak. «Alderdi politiko guztiek terrorismoaren biktimei zor diegun omenaldia da, hainbeste sufritu eta gero».
Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak aitortu du ez dutela alderdi guztien adostasuna bilatu. Hala ere, Quirogak uste du gaur-gaurkoz Memoriaren Egunak ez dituela zertan biktima guztiak aintzat hartu, ETAren biktimen aitortzak izan behar duelako lehentasuna.
Hamaikabat alderdiak (H1!) ere adostasun nahikoa bildu ez izana salatu du. Gaurko egunak «motibazio politikoak» eragindako biktima guztiak aitortzeko balio behar duela dio H1ek, eta, horregatik, erakunde guztiak elkar hartuta egotea eskatu du.
Protestak
Alternatibak, ostera, ez du gaurko ekitaldietan parte hartuko. EAk eta Aralarrek egindako kritikari batu zaio Alternatiba. Oskar Matute eledunak salatu du biktimen inguruko «alde bakarreko ikuspuntua» eta jarrera alderdikoia nagusi izango dela gaur.
Lau Haizetara Gogoan plataformak Memoriaren Egunaren izaera «partziala eta sektarioa» salatu du, frankismoaren eta estatuko terrorismoaren biktimak baztertzen dituelako.
Memoriaren Egunaren harira, gaur hainbat protesta ekitalditara deitu dute, biktima guztiak kontuan hartzeko aldarrikatzeko. Aralarrek elkarretaratzera deitu du 11:30ean, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, Biktima guztiak, errekonozimendu osoa lelopean. Genozidioaren biktimen elkarteak manifestaziora deitu du Donostiako Bulebarrean, 20:00etan.
(Berria. 2010 / 10 / 10)