jueves, marzo 04, 2010

ALDAKETAREN ALDE INDARRAK BILTZERA DEITU DUTE, GASTEIZK JAZOERAK GOGOAN

Beste urte batez, eta badira hogeita hamalau, martxoaren 3ko biktimak gogoan izan dituzte Gasteizen. Polizia Armatuak Arabako hiriburuan hil zituen bost lagunei gorazarre egin diete milaka lagunek, eta «justizia, egia eta aitortza» eskatu dute biktimentzat. Duela 30 urte bezalaxe, orain ere aldaketa soziala eta politikoa lortzeko indar metaketa ezinbestekoa dela aldarrikatu dute biktimen omenezko ekitaldietan. Goizean, ezker abertzaleak antolatutako omenaldian, eta arratsaldean, ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek deitutako manifestazioan, aldaketaren alde borroka egiteko deia egin diete euskal herritarrei. Milaka lagunek parte hartu dute protestetan. Aralarrek, EAk, Alternatiba Eraikitzenek eta Gazte Abertzaleak erakundeak ere mobilizazioekin bat egin dute.

Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Pedro Martinez Ocio, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda poliziak Gasteizen hildako langileen omenez Zaramaga auzoan paratuta dagoen oroitarrian jendetza bildu zen goiz eta arratsaldeko ekitaldietan. Iragana gogoan, geroari begira leloa hartuta gogoratu zituzten atzo martxoaren 3ko jazoerak. Biktimen aldeko bertsoak, lore eskaintzak eta aurreskuak tarte berezia izan zuten ekitaldietan.

Eguerdian jendetza bildu zen Martxoaren Hiruaren plazan, ezker abertzaleak antolatutako ekitaldian. 1976ko borrokak gaurkotasun osoa duela nabarmendu zuen Aitor Bezares EAE-ANVko hautetsiak: «Askatasunaren eta aldaketaren aldeko borrokak bizirik dirau». Ezker abertzalea «blokeo» egoeratik ateratzeko lan egiten ari dela eta Euskal Herriaren eskubideak aitortuak izan daitezen prozesu demokratikoa martxan jarriko duela azaldu zuen. «Prozesu horrek ez du atzerabueltarik izango, Espainiako eta Frantziako estatuek aurka egin arren», haren esanetan. Hala, duela 34 urte bezala orain ere gatazka konpontzeko indarrak bildu eta elkarlanean aritzea ezinbestekotzat jo zuen.

Bestalde, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, Gasteizko gertakarien urtemuga omenaldietarako eguna ez ezik, langilegoaren borroka aldarrikatzeko eguna ere bada. Izan ere, 1976ko jazoeretatik gaur arte bere horretan dirau «boterearen jazarpena» langilegoaren borrokaren kontra. Halaber, orduan bezala, gaur egun ere langileen borrokak ez duela alternatibarik azpimarratu zuen Etxaidek: «Barroso, Aznar, Martinez Ocio, Castillo eta Peredaren borrokak ez du etenik, eta haien lekukoa hartu genuelako dirau borrokak. Langilegoaren borrokak ez du alternatibarik». Hala, bestelako eredu ekonomiko eta soziala aldarrikatu eta herriari hitza eta erabakia eman behar zaizkiola nabarmendu zuen LABeko idazkari nagusiak.

Justizia eske

Sindikatuek arratsaldean deitutako manifestazio jendetsua hasi baino lehenago, omenaldi xumea egin zitzaien biktimei. Txalaparta doinuek girotuta, ehunka lagun bildu ziren oroitarriaren inguruan, eta Eva Barrosok hartu zuen hitza biktimen izenean. 34 urte pasatu eta gero oraindik ez dela justiziarik egin, biktimei ez zaiela barkamenik eskatu eta gertatutakoaren egia osoa ez dela esan salatu zuen. Gainera, sarraskiaren erantzuleak, tartean Manuel Fraga orduko Gobernazio ministroa, libre daudela eta ez dituztela epaitu gogorarazi zuen Barrosok, eta Espainiako Estatua egin zuen horren erantzule.

Sindikatuen izenean, ELAko eta LABeko ordezkariek agiria irakurri zuten. Langileek duten egoera latzari aurre egiteko, orain, lehen bezala, mobilizazioa eta borroka tresna bakarrak direla gogorarazi zuten. Halaber, Euskal Herriko gatazka politikoari benetako demokrazian oinarritutako konponbidea eman behar zaiola aldarrikatu zuten.

«Herriak ez du barkatuko» oihuak bidea zabaldu zion sindikatuek antolatutako manifestazioari. Euripean egin zuten ibilbidea milaka lagunek, eta poliziaren aurkako oihuak nagusi izan ziren. Ertzaintzak gertutik zaindu zuen manifestazioa, baina ez zen istilurik izan.

(Berria. 2010 / 03 / 3)