martes, febrero 09, 2010

AHAZTUAK-EK "PEDAGOGIA LANA" HASI DU, FRANKISMOAREN IKURRAK KENTZEKO

«Franco hil zenetik asko hitz egin da, baina ikur asko daude oraindik garai horretatik». Bilbon, Barakaldon, Santurtzin eta Plentzian (Bizkaia) frankismoaren garaiko ikurrak daude gaur egun, Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977ko kideak gogorarazi duenez. «Aski argiak dira ikusgarrienak, baina oharkabean igarotzen diren beste hainbat dago». Diktadura garaiko ikur horiek kentzeko ekimena hasiko du Ahaztuak-ek, sinadurak bilduz eta «pedagogia lana» eginez. «Gizartearen parte-hartzea mantendu behar da egoera hau bukatzeko», nabarmendu du Alvarezek.

Bizkaian hasiko du Ahaztuak-ek frankismoaren ikurren aurkako ekimena. Bizkaiko Batzar Nagusietako talde batzuekin bildu da ekimen horrek babes gehiago izan dezan. Ekimenaren asmoa da Batzar Nagusiek ikur horiek kentzeko eskatzea frankismoaren ikurrak dituzten udalerrietako ordezkariei, eta hori lortzeko bidean lanean ari dira.

Ahaztuak-ek nabarmendu du bizkaitar askok biziki sufritu zutela Espainiako II. Errepublika, «herriak aukeratutako gobernua» defendatzeagatik. Hori dela eta, Alvarezek berretsi du gobernu faxista edo gobernu hori ekarri zuten balio eta pertsonak goresten dituzten ikurrek tokirik ez dutela izan behar. «Zentzu demokratikoari egindako eraso larria da hemen eta une honetan egiten ari dena».

Udaletxe barruan

Bilboko Ogasuneko eraikinean eta Posta eraikinean dauden armarriak deigarriak diren arren, horren ikusgarriak ez direnak ere kentzeko eskatu du Ahaztuak-ek. Barakaldo eta Plentziako udaletxeetako bilkura aretoetan diktadura garaiko alkateen irudiak daudela gogorarazi du, esate baterako, Alvarezek. Barakaldon, besteak beste, frankismoko lehen alkatea izan zen Jose Maria Llaneza Zabaletak Falange Espainola eta JONSeko gala-uniformea darama bere erretratuan.

Ez da lehen aldia Ahaztuak-ek Barakaldoko udaletxeko argazkiak kentzeko eskaria egiten duela, baina duela urtebete EAJren kontrako botoarekin topo egin zuen. «Apur bat geroago, Espainiako Kongresuko EAJko diputatu Josu Erkorekak Kongresuko korridoreetan zeuden Francoren ministroen argazkiak eskatu zituen», gogorarazi du Alvarezek.

Bilbon, Barakaldon, Plentzian eta Santurtzin egingo dituzten sinadura bilketekin batera, Ahaztuak-ek ikertzen jarraituko duela aurreratu du Alvarezek. Bizkaiko herri guztietan dauden ikur faxistak eta frankismoko pertsonen izenak dituzten kaleen zerrenda egiteko eskatu die Ahaztuak-ek Bizkaiko Batzar Nagusietako taldeei. Proposamena Osoko Bilkuran onartuz gero, hiru hilabeteko epean ikur horiek kendu eta kale horien izenak aldatzeko eskatuko dizkie Batzar Nagusiek udalerriei.

Ahaztuak-ek Bizkaian hasi du ekimena, baina datozen astetan Hego Euskal Herriko beste probintzietara joko du frankismoaren ikurrak bukatzeko. Araban eta Nafarroan, bereziki, oraindik ere oso deigarriak diren ikurrak daudela gogorarazi du Martxelo Alvarezek, Gasteizko Katedral Berriaren barruan dagoen armarria kasu.

Zerrenda
AHAZTUAK-EN ESKARIA

Ogasuneko eraikina (Bilbo). Moyua plazako eraikinhorretan dagoen armarria kentzeko.

Posta eraikina (Bilbo). Sarrerako armarria kentzeko.

Sanchez Mazas pasealekua (Bilbo). Falange Espainolako ideologoa izan zenaren izenaren tokian, haren seme Rafael Sanchez Ferlosioren izena jartzeko.

Mendizabal Kapitainaren kalea (Santurtzi). Francoren alde borrokatu zen kapitainari eskainitako kaleari, Norma Mentxaka Santurtziko bizilagunaren izena jartzeko.
Barakaldoko eta Plentziako udalak. Frankismoko alkateen argazkiak kentzeko.

Urrezko Domina (Plentzia). Jose Daniel Lacalle Larraga Francoren sasoiko ministroari Urrezko Domina kentzeko.

(Berria. 2010 / 02 / 9)