domingo, agosto 09, 2009

FRANCO ETA MICHELETTI. Patxi Juaristi, soziologoa

Mila bederatziehun eta hogeita hemeretziko urtarrilean, Francoren armadak Bartzelona hartu zuen, eta Alacanten zegoen Errepublikako gobernuak Frantziara ihes egitea beste aukerarik ez zuen izan. 1939ko martxoan, matxinatuak Madrilen sartu ziren, eta 36ko gerra apirilaren batean bukatu zen ofizialki. 70 urte dira, beraz, gerra amaitu zela, eta Francoren diktadura hasi.
1936ko irailean, matxinatutako armadaren buruzagi edo «Generalisimo» izendatu zutenetik, Francok izugarrizko errepresioan oinarritu zuen bere botere ahalguztiduna. Paul Preston historialariak Francori buruzko biografian (1994:288) dioen bezala: «Francok bazkal ostean, kafe baten aurrean, edo autoan, fronteetara zihoanean, sententziak gainbegiratzen zituen, eta, askotan, detaileak irakurri gabe, hiltzeko modu bortitzenak zehazten zituen: garrotean ito». Hainbat sententziatan «garrote eta prentsa» idazten zuen, sinatu eta gero. Heriotzak prentsan iragarriz, Francoren helburua, kondenatuen familien samina handitzea eta aurkariak desmoralizatzea zen. Gerran hil zirenak bakerik lortu ez, eta gosea ezagutu zuten. Paul Prestonen arabera, Marokoko gerran (1912-1925) ikasi omen zituen taktika bortitz horiek.
Errepublikar, abertzale, ezkertiar edota herritarrek ez ezik, gerra zibilean Francoren alde borrokatu ziren militar, falangista eta erreketeek ere laster ikusi zuten «Generalisimoak» aginte osoa beretzat bakarrik nahi zuela, eta berehala baztertzen zituela haren aurka zerbait esan edo egiten zutenak, nahiz eta, ustez, hurbilekoak izan. Errepresio bortitzenaren bidez, beldurra arimaraino sartu zien gelditu zirenei zein atzerriratutakoei, eta horrek 40 urtez boterean egon ahal izatea ekarri zion diktadoreari. Makila hautsiarekin ezin sartu horien artean.
1937an, FET-JONS alderdiko buruzagi egin zen, eta alderdi hura gizarte zibila kontrolatzeko oinarrizko tresna bihurtu zuen. Frankista fidelenen artean boterea banatuz eta haien ustelkeria eta nepotismoa onartuz, politikariak bere nahierara erabiltzen zituen, erregimena goitik behera kontrolatuz. Makiak edo errepublikako politikariek hainbat saiakera egin zituzten Franco boteretik kentzeko, baina arrakastarik gabe. Monarkia zaleak ere behin eta berriz ahalegindu ziren Alfontso XIII.a Espainiaratzen eta monarkia berrezartzen, baina Francok ez zuen onartzen haren boterea zalantzan jarriko zuen inor. Diktadorearen arabera, Espainiako monarkiaren dekadentzia Felipe II.arekin hasi zen, eta Alfontso XIII.a ez zen gai Espainiak galdutako handitasuna berreskuratzeko. Francok heroi handi zela uste zuen, eta bera zela Espainiari XVI. mendean izan zuen handitasuna bueltatzeko gaitasuna zuen bakarra. Barnea harro duen alkateak aztaparretan ditu legeak.
Hitler eta Mussoliniren erregimenak jauzi ziren, baina Francok boterean jarraitu zuen 40 urtez. Frantziak, Erresuma Batuak eta Amerikako Estatu Batuek (AEB) ez zuten begi onez ikusten Francoren erregimena, batez ere, faxismoarekin II. Mundu Gerraren bueltan izan zituen harremanengatik. Dena dela, Gerra Hotzaren testuinguruan, aliatuek pentsatu zuten Franco egokia izan zitekeela komunismoaren hedakuntza gelditzeko. Arrazoi geoestrategikoak zirela medio, aliatuek onartu egin zuten Francoren diktadura, eta, gainera, diruz lagundu. Espainia Unescon sartu zen 1952an, Vatikanoarekin konkordatua sinatu zuen 1953an, AEBekin akordioa sinatu zuen 1953an eta Nazio Batuetan onartu zuten 1955ean. Mendebaldeko demokraziek esaten zuten Franco ez zutela gogoko eta hauteskunde garbiak egin behar zirela Espainian, baina gero eurak ekarri zioten Francori 40 urtez agindu ahal izatea. Izena bat, eta izana beste bat.
Ekainaren 28ko estatu kolpearen ondorioz, Manuel Zelaya boteretik kendu dute Hondurasen. Ustez, Zelayaren buelta negoziatzen ari diren bitartean, Micheletti eta Hondurasko polizia Zelayaren jarraitzaileen eta herritarren artean beldurra hedatzen ari dira, erregimen berriaren aurkariak isilarazteko. Bonbak jarri dituzte Zelayaren aldekoen aurka, eta badirudi poliziak Zelayaren jarraitzaile bat, Pedro Magdiel Muñoz, hil duela, torturatu ostean. Francok edo beste hainbat diktadorek aurretik egin bezala, Michelettik ere heriotza, tortura eta beldurra erabiltzen ditu bere erregimena sendotzeko. Ia AEBek eta nazioarteak ez duten egiten Francoren erregimenarekin egin zuten gauza bera: aho txikiarekin Michelettiren aurkako adierazpenak egin, baina gero haren erregimena babestu. Gutxi ahoan eta ahaleginak lanean.
(Berria. 09 / 08 / 09)