viernes, julio 18, 2008

UZTAILAK 18, 1936.2008: SEGI ETA SEGI. Ahaztuak 1936-1977ko iritzi artikulua


Berandu eta gaizki. Bi hitzok erabili genituen Ahaztuak 1936-1977ko kideok Eroritakoen Monumentuaren harmailadian joan den urriaren 29an irakurri genuen komunikatuan, Espainiako Kongresuan onartzear zegoen Memoria Historikoaren Legeaz uste genuena adierazteko. Berandu, 71 urte -diktadurako 40 eta trantsizioko 31- denbora gehiegi baita frankismoaren halako gorazarre eta apologia egiten jarduteko gure kaleetan, plazetan, monumentuetan eta baita jurisprudentzian ere. Eta gaizki, beldur baikara beste urte asko pasatuko ez ote diren, lege horrek dioena hitzez hitz betetzerako.

Esan genuen, halaber, kasurik adierazgarriena eta eskandaluzkoena hemen dugula, Iruñean: Eroritakoen Monumentua diotena. Diktaduraren peko 40 urte ankerrek berekin ekarri zuten faxismoaren eta ikararen omenezko monumentua baita. Orduko zenbaitek, Emilio Mola jeneral frankista altxatuak, esaterako, lasai atseden hartu ahalko dute hor, jakinik bere hitzak -«Izua erein behar dugu, gailentasun irudipena sorrarazi behar diegu, eta inolako eskrupulurik eta zalantzarik gabe suntsitu behar ditugu guk bezala pentsatzen ez duten guztiak»- neurriz gaindika bete izan direla Nafarroan, zeinean benetako gerra fronterik izan gabe, itzelezko genozidioa jazo baitzen.

Era berean, onartzear zen Memoria Historikoaren Legearen hitzak aipatu genituen. Hitz hutsak baitziren, geroago egiaztatu dugunez. Espainiako Estatua ez baitu behartzen dekretuz baliogabetzera trantsizio amaierako azken lege hura. Ahaztuak 1936-1977ko kideok sinetsita geunden soilik egia jakiteko eskubidearen, justizia eskubidearen eta kalte-ordainetarako eskubidearen inguruan eratutako Memoria Historikoaren Lege batek amaituko zuela zigorgabetasuna, eta behin betiko azkendu amaiera lege hura.

Esan genuen, bestalde, lege horrek ez diela erantzukizunak eskatzeko biderik emango Francoren zapalkuntzaren biktimei, ez eta bestelako gertakari ankerren biktimei -adibidez, Maravillas Lambertori, falangista batzuek bortxatu eta erail baitzuten, 14 urte zituelarik-. Gogora ekarri genuen Iruñean eraildako zinegotziek, Nafarroako beste hainbatek bezala, ez dutela izango aurrerantzean ere plaka oroigarri ziztrin bat bera ere, UPNk gobernaturiko Udalari eta PSNren ahanzturari eskerrak. Zer gertatu da eraildako 298 iruindarren plakarekin? Hantxe dago, oraindik ere, ezkutuan eta txiki-txiki, inork ez ikusteko moduan.

Aipatu genituen hala nola faxista matxinatu armatuek Nafarroan -altxamendu garaian eta ondorengo diktadura basatiaren pean- eginiko hainbat krimen. Guri arrazoi ematen ari zaigu denbora. Orain arte loreak baino ez ditugu ikusi, hitz hutsalak entzun ditugu, parkeren bat edo beste inauguratu dute batzuen kontzientziak lasaitzeko, eta subentzio itxurako txanpon apur batzuk ere jaso ditugu; hori guztia, nolabait, historiaren orrialde hori lehenbailehen pasatzeko.
Gogora ekarri genuen frankisten oinordeko ideologiko eta genetikoak UPNn daudela Nafarroan; eta PPn, Estatuko gainerako lekuetan. Horren adierazgarri dira eskuin alderdirik atzerakoienetako kideek egindako adierazpenak: hala nola Fraga Iribarnek behinola esan zuen «amnistiak amnesia esan nahi duela», hark eta hura bezalako jendilajeak diktaduran eginikoen inguruko ahanzturari buruz ari zela; eta Mayor Orejak esana da, halaber, «zergatik kondenatu beharko nuke nik diktadura, familia askok gauza natural eta normal gisa bizi izan bazuten? Atsegin beteko egoera izan zen». Halako ikusmolde faxistek are ulerterrazago egiten dute Del Burgok, Manuel Arbeloak eta beste hainbat pertsonak diktadurari buruzko kontuak desitxuratu, ezkutatu eta berrikusi izana.

Eliza katolikoa ere salatu genuen, Franco babestu zuelako. Ez dira ahaztekoak Gurutzada loriatsua eta Francoren irudiak hartuta palio santuaren pean eginiko ibiliak. Gogoangarria da Fernando Sebastian gotzainak fededunei emandako aholkua, bozkatzean kontuan har zitzaten Falangea eta ideologia faxistako zenbait indar politiko. Eta armadako brigadan hurrengo sartu zen Francisco Perez kapelau eta jeneralak egindako gomendioa -«gertaturikoa ahanzteko»- eta ohartarazpena -«historia, gustatu edo ez, gertatu bezala gertatu zela eta ez dela aldatuko»-; Memoria Historikoaren Legea ere aipatu zuen, «Legea ez egitea da onena, alferrekoa baita atzera begiratzea, eta komeni ere ez baita komeni».

Non geratu da 1936ko ekainaren 15eko agiria, Nafarroako Fronte Popularrak izenpetua, non Alderdi Sozialistak, Alderdi Komunistak, Eusko Abertzale Ekintzak, Ezker Errepublikanoak, UGTk, CNTk eta gazte sozialistek eta komunistek eskatu baitzuten lau probintzia euskaldunak Nafarroako kazikismoari aurre egiteko? Inork sinets al lezake, baina, estatuaren adierazle diren ikurren -monarkia eta bandera horiexen- izenean hil zirenik gure senitartekoak, lagunak eta burukide errepublikanoak, komunistak, anarkistak, nazionalistak?

Hori guztia larria da, baina are larriagoa da PSOEren jarrera, frankista harropuztu horiei aurre egiteko; adoregabe erantzun baitie justizia goseari, lege eskas eta memoriarik gabeko batekin, hala amaiera eman nahirik genozidio oso bati. Espainiako Kongresuan eginiko adierazpenek -Memoria Historikoaren Legea «trantsizio espirituan» oinarritzen dela eta «legeak ez dituela zauriak berriz agerian jarri nahi edo gogorarazi»-, esaterako, argi uzten dute zein zen bere asmoa frankista hiltzaileei demokraten haragia eman zielarik. Lurrezko eta lorezko geruza baten azpian estali nahi dituzte Francoren 40 urteko diktaduran zapaldu zituzten eskubide eta askatasun guztiak.

Ikusten dugu nolako tratamendua ematen dieten biktima batzuei eta besteei; konparaziozko bidegabekeria lotsagarria da, demokrazia aldetik. Ahanzturak eraman ditu hainbat kontu: martxoaren 3a Gasteizen jazotakoa, Montejurra, Gladis del Estal, GALen biktimak, torturaz hilak, polizien kontroletan hilak edo talde parapolizialek hilak. Haien ardura izan zutenei, aldiz, ohorezko dominak eman dizkiete. Argi da frankismoak bizirik dirauela oraindik, demokrazia badiote ere. Garai batean barrikaden alde batean zirenak, faxista altxatuei aurre egiten zietenak, alde horretan dira oraindik. Beste aldean zirenak, berriz, apur bat baino ez dira aldatu, funtsean ezer ez jazo dadin.

(Berria. 08 / 07 / 18)