domingo, mayo 18, 2008

OROIMEN HISTORIKOA EDUKI POLITIKOZ HUSTU NAHI DUTELA SALATU DU EZKER ABERTZALEAK

Ezker abertzaleak ekitaldi politikora deitu du uztailaren 19an Sartagudako Memoriaren Parkean, «36ko gerran hildako pertsona bakoitzaren eta guztien ekarpen politikoa» aitortzeko. «Ezinbestekoa da maiatzaren 10eko ekitaldiari beste bat gehitzea», adierazi zuten atzo Carlos Otxoa eta Gabriel Martinez EAE-ANVko kideek.

Bi ordezkariek salatu zuten parkearen inaugurazio ekitaldian «sektore batzuekiko zentsura» ezarri zela -Altaffaylla kultur elkartea eta ANV alderdia aipatu zituzten-, eta hainbat jarrera «kezkagarri» izan zirela. Esaterako, oroimen historikoa berreskuratzeko bideari amaiera emateko deia. «Interesa dago zauriak itxi eta liburuen orriak pasatzeko. Premia handia dute adiskidetzea eskatzeko barkamena eskatzeko gai ez direnekin. Hilotzak ez ezik, ideia politikoak ere berreskuratu behar dira», esan zuten.

Joan den larunbateko ekitaldia eta egindako lana onetsi eta gero, oroimen historikoaren aldarrikapena «sentimenduen esparruan» uzteko ahalegina kritikatu zuten Otxoak eta Martinezek. «Ez da posible hilketa izugarri haiek eta milaka pertsona horietako bakoitzaren ideologia bereiztea. Pertsona haietako bakoitzak bere erara defendatzen zituen demokrazia eta askatasuna. Haien memoria berreskuratzea gaur egungo errepresio eta salbuespen egoeran kokatu beharko gintuzke». «Ez dugu ezer aldatu nahi, balorazioak gehitu baino ez», gaineratu zuten.
(Berria. 08 / 05 / 18)