martes, marzo 04, 2008

Euskal Herrirako «aldaketa politikoa» aldarrikatu dute Martxoak 3ko urteurrenean

Hiru hamarkada baino gehiago joan dira lan baldintza duinen alde eta aldaketa politiko baten alde kalera irten ziren langileei Espainiako Polizia indarrez oldartu zitzaienetik. 1976ko Martxoaren 3an bost langile hil eta ehunka zauritu zituen Poliziak, Gasteizko Zaramaga auzoan. Zorigaiztoko egun haren 32. urtemuga gogoan izan zuten atzo milaka lagunek, Gasteizen. Goizean, biktimei omenaldia eta lore eskaintza egin zien ezker abertzaleak, eta, arratsaldean, LAB, ELA, ESK eta EILAS sindikatuek antolatuta manifestazio jendetsua burutu zen.

Garai bateko egoera politikoa eta egungoa gogoan hartuta, eskubideen urraketak presente izan zituzten atzoko ekitaldietan, eta orduan bezala, gaur egun ere Euskal Herriak «aldaketa politikoa» behar duela aldarrikatu zuten. Andoni Txasko Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko kideak salatu zuen 32 urte igaro diren arren, langileriaren eskubideak ez ezik, eskubide politikoak ere urratuta jarraitzen dutela. «Ideiak jazarri egiten dituzte, gazteria kriminalizatzen dute, alderdiak legez kanpo uzten dituzte, erabakitzeko eskubidea ukatzen zaigu...». Iragana begiratuta, Gasteizen hildako bost langile «Estatu terrorismoaren biktimak» izan zirela azpimarratu zuen Txaskok, eta «justizia eta egia» eskatu zuen haientzat.

Aitor Bezares EAE-ANVko biltzarkideak nabarmendu zuen orain dela hiru hamarkada EAJk Euskal Herriari aldaketa politikorako bidea «ukatuko» zion Estatutua landu zuela, eta orain argi ikusten dela bide horrek ez duela irtenbiderik ekarriko. «Euskal Herriak bide propioa behar du, Espainiaren eta Frantziaren inposiziorik gabe». Halaber, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari ordeak adierazi zuen egungo ziklo politikoa «agortuta» dagoela eta «esparru demokratikoa» lortzea ezinbestekoa dela euskal langileria bere eskubideen jabe izan dadin. Estatuari «planto» egiteko garaia dela iritzita, eta igandeko hauteskundeetan abstentzioaren alde egiteko deia egin zieten herritarrei biek ala biek.

AITORTZA

Martxoaren 3ko biktimentzat ez dela oraindik «justizia, egia eta aitortzarik» egon salatu zuten sindikatuek arratsaldean deitutako omenaldi eta manifestazioan. Gasteizen hildakoak «langileen duintasunaren eta askatasunaren» alde borrokatu zirela gogoratu zuten, eta biktimen alde onartutako legeekin «itxurarena» egitea egotzi zieten Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.

Milaka lagun bildu ziren "Aurre egin zapalkuntza modu berriari" leloa zuen pankartaren atzean, eta «herriak ez du barkatuko» garrasiarekin abiatutako manifestazioak hiriko kale nagusiak zeharkatu zituen. Amaitutakoan, 1976ko gertaerei buruzko diaporama eman zuten Plaza Berrian.

Bestalde, Martxoaren 3ko urtenurrena dela eta, LABek zine foroa antolatu zuen Iruñeko Carlos III.a zinema aretoetan. Bertara 150 lagun inguru joan ziren. Gertaerak azaldu ostean, "La revolta permanent" filma eman zuten, eta gero, eztabaida bat egin zuten.

(Berria. 08 / 03 / 04)