viernes, febrero 15, 2008

Fraga eta Martin Villak deklaratzea nahi du Eusko Legebiltzarrak


1976ko Martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoak ikertzen dituen Eusko Legebiltzarreko Batzorde Bereziak hamabi lagunen agerraldia eskatu du. Pertsona horien artean Manuel Fraga Iribarne garai hartan Espainiako Gobernuko Gobernazio ministroa zena, Rodolfo Martin Villa Sindikatu ministroa eta Alfonso Osorio Presidentzia ministroa daude. Gasteizko gertakarietan izan dezaketen erantzukizunagatik eta eman ditzaketen argibideengatik galdegin du batzordeak haien agerraldia. Batzordeko legebiltzar talde denek bat egin dute eskari horrekin, PPk izan ezik.

Batzorde Bereziak zehaztutako egutegiaren arabera, agerraldiok martxoan eta apirilean izan daitezke, eta baliteke idatziz ere egin ahal izatea deklarazioak. Nolanahi ere, Eusko Legebiltzarraren eskaerari erantzuteko betebeharrik ez dute politikariek, eta, beraz, uko egin diezaiokete batzordean azalpenak emateari.

Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan langile batzarra egiten ari ziren milaka herritar indarrez atera zituen Espainiako Poliziak duela 32 urte. Oldartze horren ondorioz, bost langile hil eta ehunka zauritu zituen Poliziak.

Hiru hamarkada igaro dira harrezkero, baina oraindik ez dute inor zigortu. Hori dela eta, Eusko Legebiltzarreko batzorde bereziak eliza husteko parte hartu zuten poliziei agindua eman zieten karguen agerraldia ere galdegin du.

OSOKO BILKURA EKAINEAN

Martxoaren 3ko gertakariak ikertu dituen "Valentin de Foronda" Historia Institutuak egindako txostena oinarri hartuta ari da lanean Eusko Legebiltzarreko Batzorde Berezia. Gertaera horiek argitu eta erantzule politikoak zehaztea da batzordearen egitekoa. Hala, batzordeak zehaztutako egutegiaren arabera, agerraldi denak martxoa eta apirila bitartean egingo dira. Izan ere, 1976ko Martxoaren 3ko gertakariak ikertzeko eginkizuna duen batzorde bereziak uda baino lehen onartu nahi du behin betiko ebazpena.

Aurreikusitako agerraldiak entzun ostean, legebiltzar taldeek ebazpena prestatu beharko dute ekaina baino lehen. 1976ko jazoeren erantzukizun politikoak argituko lituzke ebazpen horrek. Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak txostena bozkatu beharko luke ekaina amaitu aurretik.

(Berria. 08 / 02 / 15)