domingo, abril 29, 2007

OMENALDIA GERNIKAN: «Ez da memoriarik izan, hartarako interesik ere ez delako egon»

Omenaldia, salaketa eta aldarrikapena bildu zituzten atzo Gernikan, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak eta Gernika Batzordeak antolatutako ekitaldian. Omenaldia, orain dela 70 urte udalerriaren bonbardatzea jasan zutenei eta, oro har, frankismoaren aurka borrokatu zirenei. Salaketa, orduko eta ondorengo gertaerena, baina baita egungo agintariek auziaren harira duten jokaerarena ere. Eta aldarrikapena, hain zuzen, memoriaren garrantzia azpimarratu zutelako atzoko ekitaldian. Izan ere, Ahaztuak elkarteko Martxelo Alvarezek adierazi zuenez, ikuspegi demokratikotik oroimenik ez da izan denbora honetan guztian. Eta ez da izan, hartarako interesik ere ez delako egon. «Ez da memoriarik izan, ez delako interesik egon memoria egon zedin», esan zuen.
Alvarezen hitzetan, frankismoaren 40 urteetan eta azken 30 urteotan, «egun badugula dioten eta demokrazia deitzen duten horretan», memoria historiko ofizial bat «saldu» zaie herritarrei. Ordea, «ikuspegi demokratikotik», memoriarik ez da egon. «Ez da egon ez frankismoaren aurka borrokan 1936tik 1939ra hil zirenen, ez Franco hil arte eta gerora borrokan jarraitu zutenen balio nahiz ideien berreskuratzeko memoriarik». Horregatik, Ahaztuak-ek memoriaz hitz egitean, ez dela soilik «oroitzapenei buruz» ari argi utzi zuen. «Balioak berreskuratzeaz ari gara, iragana berreskuratzeaz, oraina eta etorkizuna berreskuratze aldera». Ez «pintxo plater baten bueltan biltzeaz, askotan biktimei baino, lekuan-lekuko euren ekitaldiko koreografiarako baliatzen gaituzten politikariei omenaldia egiteko».

Alvarezen hitzetan, «aldaketarako elementua» izan behar du memoriak, «demokrazia gehiago lortzeko tresna», alegia. «Demokrazia gehiago gaur eta hemen, demokrazia gehiago biharko». Aldarriaren garrantziaren azpimarratzeko aipatu zuen 1937an Gernika bonbardatu zuten eta gerora «mila eta bat barrabaskeria» egin zuten asko egun jardunean direla, filosofia berarekin batzuk, eta hainbat pertsonan ere bai. Garbi utzi zuen balioak berreskuratzeaz mintzatzean ez direla borrokatu zirenen duintasuna berreskuratzeaz ari, «geure jendeak inoiz ez baitzuen galdu, duintasunagatik hil eta borrokatu baitzen». Alvarezen esanetan, «euren ekitaldi instituzionalez duintasuna itzuliko dietela dioten horiek, hobe lukete eurena non duten bilatu; batzuetan, ekitaldien ostean, ahaztuta jarraitzen baitute frankismoaren biktima horiek denek».

MATARRANZEN HITZAK.

Ahaztuak-eko beste kide batek aurkezpena eginda, Onintza Enbeitaren bertsoekin eman zioten hasiera atzo, Gernikako Pasealekun eginiko ekitaldiari. Fermin Valencia abeslari nafarrak gudari eta milizianoei eskainitako bi kantez gozatu ahal izan zuten ekitaldira bildu ziren herritarrek.

Kantariaren ostean, Felipe Matarranz 91 urteko miliziano asturiarra mintzatu zitzaien ekitaldira hurbildutakoei. Azaldu zienez, bera ez zegoen Gernikan bonbardatzearen egunean. «Baina badakit zer gertatu zen hemen». Asturiaseko milizianoek osatutako batailoi batean izan zen frontean. «Loiolako kuarteletan izan nintzen Donostian. Irunen ere izan nintzen, eta izugarria izan zen hura. Egin eta esan daitekeen gauzarik izugarriena izan zen».

Matarranzek 12 urte egin zituen espetxean. Kartzelatik aterata, gerrillan aritzea eta, gero, Franco hil arte, 40 urtez borrokan jarraitzea «suertatu» zitzaiola adierazi zuen. «Hori izan da nire bizitzan izan dudan borroka; oso lazgarria izan da, noski. Kartzelan goseak hiltzen izan nintzen, gerrillan borrokan, gosez ere». Gernika Batzordea eta Ahaztuak-en izenean ikurrina bat eman zioten opari atzoko ekitaldian, omenaldi gisa.
Ahaztuak-eko Karmele Biritxinagak azaldu zuen Gernikako ospitale militarrean 265 preso errepublikar hil zirela 1938 eta 1940 urteen artean. Historian zehar, ospitale hori, kartzela, «isildua» egon dela esan zuen. 1938tik aurrera, iparraldeko frontea deseginda, Gernikara, eraikuntza lanetara, preso errepublikar asko eraman zituzten -hainbat eta hainbat miliziano asturiarrak-. Asko ospitale hartan gaixotasunak jota hil zirela azaldu zuen, eta hildakoen izenen zerrenda irakurri zuen Xabier Onaindiak, Aitzina Lekue biolinista haien omenez "Internazionala" jotzen zuen bitartean. Kanta bera eta "Eusko Gudariak" abestuz eman zioten amaiera ekitaldiari.

(Berria. 2007 / 04 / 29)